top of page

EMEKINEWS

Txingurriye, pauso txiki oso handiak integraziora bidean

  • 15 dic. 2018
  • 4 Min. de lectura

Actualizado: 17 dic. 2018


Lakuntzako Txingurriye elkarteak bederatzi urte daramatza herriko etorkinen integrazioa hobetu nahian

Munia EL MARHOUM

Txingurriye taldeko partaideak, 2016ko abuztuan Lakuntzako jaietan zuziria botatzen arduradunak.

Herri txiki baina kulturanitza da Lakuntza. Denek ezagutzen dute elkar, baina askotan herria ez da bateratuta azaltzen. Eta hain zuzen ere Txingurriye taldeak lortu nahi duena lagunkoitasuna sustatzea da, lakuntzar guztien bateratzea, herri kulturanitza izateaz denak harro egon daitezen.


Txingurriye taldea 2009an sortu zen, batez ere etorkinen familietako umeei eskola jarraipena egiteko helburuekin, horrek hauen integrazioaren zati handi bat beteko zuelakoan. Hala aritu dira 9 urtetan zehar, hasieran eskolak bakarrik emanez, baina urteak pasa ahala ekintza berri desberdinak proposatuz, Lakuntzako herria bateratzeko.


Mari Jose Imirizaldu, ordura arte Lakuntzako Herri Eskolako irakasle izandakoa, jubilatu eta Iruñan hasi zen etorkinei eskola laguntza ematen. Berak eta Ane Miren Iruretagoienak, eskolako zuzendari zenak, kontatu bezala, Ane Mirenek Mari Joseri zera proposatu zion: Lakuntzara ekartzea aktibitate hori bera.


Eta halaxe sortu zen Lakuntzako etorkinei laguntzeko grina. Bi emakumeak irakasle izanik, haien arlotik modu batera edo bestera integraziorantz bideratu nahi zuten Lakuntzako herria. “Hizkuntza zailtasunengatik edo gurasoen denbora faltarengatik” ume etorkinek etxean egiten ez zuten horretan nahi zuten lagundu, Ane Mirenek adierazitakoen arabera, eskolan ondo joanda integrazioa erraztuko zelakoan. Integrazioa eskola eremutik jorratu nahi zuten, beraz, hasieran.


Ideia izan eta gero, beste hainbat pertsonei zabaldu zieten, eta lanean hasi ziren dozena bat, Iruretagoienak esandakoaren arabera. Imirizalduk dio batzuk mantendu diren arren, jende asko atera eta kide berriak sartu egin dela. Berritze moduko bat ari da izaten taldea azken urte honetan. Taldearen gora beherak darabiltzaten horietaz aparte, hau da, juntan eta zuzendaritzan aritu diren pertsona guztiez gain, laguntzaile puntual asko ere izan dituztela azaldu du irakasle ohiak, eta horrek elkartearen mantentzea bermatu duela dio.

“Janariak asko batzen du, bai bertakoak bai etorkinak prest azaltzen dira janaria baldin badago ekintzetara joatera” Ane Miren Iruretagoiena, Txingurriye taldearen sortzaile eta juntako kidea

Garai hartatik aritu dira hainbat ekintza desberdin aurrera eraman nahian, betiere hasierako helburua lortzeko asmoarekin. Hasieran bi eremutan landu zuten, alde batetik eskolak eman eta bestetik larunbatero ekintzak antolatuz. Honekin etorkin eta herrian jaiotako umeen arteko harremana sustatu nahi zuten. Ez zuen, baina nahi bezala funtzionatu eta beste modu batera enfokatzeko premia ikusi zuten.


Konturatu ziren umeen integrazioa nolanahi lortzen zutela, baina gurasoena ez, hortaz azken hauetan pentsatzen hasi ziren gehiago. Tailerrak antolatu dituzte azken 7 urteetan zehar, hala nola, dantza edo janari tailerrak. Txingukolore izena jarri zioten kulturaniztasun jaialdiari, eta urtero egin dute.


Txingu jaialdiak


“Itxez Itxe”, etxerik etxe lakuntzarrez, izan zen lehenengotariko ekintza. Bakoitzak bere etxean aurkezten zuen bere kultura, beraien herriko zerbait. Horrek asko laguntzen du, Ane Mirenen esanetan, jendeak galderak egin ditzan, jakin dezan zein familiatakoa den bakoitza, eta ezagutu ditzan, “eta hori garrantzitsua da herri txiki batean”.

“Janariak asko batzen du, bai bertakoak bai etorkinak prest azaltzen dira janaria baldin badago ekintzetara joatera, baita musikak eta dantzak badaude ere”, dio Ane Mirenek ere. Eta horren harira antolatzen dute Txingukolore. Bertan senegaldar, ekuatoriar, kolonbiar, dominikar, marokoar eta euskaldun kultura, besteak beste, erakusteko asmoz, bakoitzak bere jaioterriko janaria, musika eta ohiturak azaltzen ditu, Lakuntzako plazan jartzen den toldopean. Jai alaia izaten da, kultura bakoitzaren postuan azalpenak ematen dira haien ohiturei buruz.

“Txingurriyek lagundu digu jatorri desberdineko etorkinok ere elkar ezagutu eta elkar laguntzen” Sogna Diagne, senegaldar etorkina eta Txingurriye taldeko partaide

Azken bi urteetan etorkinek beraiek antolatuta hilabetean behin egin dira familia topaketak, igandeetan beti, Imirizalduk azaldu digun bezala. Ia 100 pertsona batzen dira, eta bertan eskulanak, musika eta sukaldaritza egiten dituzte. Etorkinek beraiek proposatutako ekintza den heinean, taldeko norbaiten laguntzarekin, arrakasta handia izan du. Iruretagoienak aipatu bezala, beti da hobe haiek nahi duten eta proposatzen dituzten ekintzak egitea, taldeak ere proposatu arren, “bezeroak” eurak baitira zehazki dakitenak zer den beharrezkoa haientzako.


Ekintza berrienak Txingugazte du izena. Funtsean, “mintzalagun” moduko bat da, baina euskaraz izan beharrean gazteleraz. Hau ere etorkinek eskatuta jarri zuten martxan, eta aurten hasi dira. Hasieran tabernan batzen ziren, baina erosoago sentitzearren orain aldioro etxe batean aritzen dira hizketan. Astero bi aldiz batzen dira eta ordu bana pasatzen dute gaztelera praktikatuz.


Bestalde, azken jaialdi bat ere prestatu zuten, orain dela aste bi, "Munduko arrozak" izenekoa. Bertan herrian dauden kultura desberdinetako jendeak bakoitzaren herriko arrozak prestatu zituen, eta plazan egon ziren denak jendearen aurrean, musika alaiz inguratuta, eta berriro ere, janariaz inguratuta.


Etorkizunera begira


“Oraingoz hemen gaude, baina ea indarrak noiz arte irauten digun… orain dela 9 urte hasi ginen eta nekea ere sentitzen da”, dio Mari Jose Imirizalduk. “Asteroko gauza bat da, orduan jende gehiena bi edo hiru urtez egoten da taldean eta ondoren atera egiten dira”, kontatzen du. Baina ez dira kiderik gabe geratu 9 urteetan, eta zera gehitu du: “jende faltan ez gara egon”.

“Oraingoz hemen gaude, baina ea indarrak noiz arte irauten digun… orain dela 9 urte hasi ginen eta nekea ere sentitzen da” Mari Jose Imirizaldu, Txingurriye taldearen sortzaile eta juntako kide ohia

Herria prest egon da beti taldea laguntzeko, diru laguntza batzuk badituzte baina gastu asko ere ez dituztenez ez zaie inoiz falta izan. “Ez dugu ezetza jaso inon ere, (…) harrera oso ona eduki dugu herrian beti”, dio berak eta etorkizunean taldeak jarraitu ahalko duela uste du.


“Jende asko ezagutu dut Txingurriyeren laguntzaz, baita kultura desberdin asko ere”


Etorri eta elkarteari buruz jakin zuen momentutik parte hartu du ekintzetan Sogna Diagne senegaldarrak

Munia EL MARHOUM


Sogna Diagne emakume senegaldarra da, Lakuntzara etorri ziren bera eta bere familia orain dela 7 urte. Txingurriye elkartearen kide da, eta bertan parte hartzen hasi zen etorri bezain laister.


Nola jakin zenuen Txingurriyeren berri?


Ane Mirenek esan zidan, heldu eta umeak eskolan matrikulatzean, bazegoela Txingurriye izeneko elkarte bat, kultura desberdinen arteko integrazioa lortu nahi zuena herrian eta nahi banuen parte hartu, telefonoa eman eta berak sartuko ninduela.


Nola uste duzu lagundu dizula zuri eta gainontzeko etorkinei?


Bai lagundu dit, gaztelaniaz hitz egiterako orduan adibidez. Jende asko ezagutu dut Txingurriyeren laguntzaz, baita kultura desberdin asko ere. Urtero ekintzak antolatzen diren heinean, bertan parte hartzen dut urtero ere. Taldea oso ona da guretzako, etorkinentzako, izan ere, badaude etorkinak Lakuntzan bizi direnak eta haien artean hitz egiten dutenak bakarrik, ez guztiak, baina hori gertatzen da. Eta orduan, Txingurriyek lagundu digu jatorri desberdineko etorkinok ere elkar ezagutu eta elkar laguntzen. Oso ona da taldea guretzako.


Zein ekintzak ematen dizu gehien zuri?


Txingukolorek, adibidez, asko laguntzen du umeek haien artean eta gainontzekoekin hitz egin dezaten, eta gainera, lehenago probatu gabe genituen ekintzak egiten ditugu, taldea egongo ez balitz egingo ez genituzkeenak. Jende eta kultura berriak ezagutu ditut, eta ekintzak asko gustatzen zaizkit. Txingugaztek ere, aurten hasi denak, asko lagundu gaitu etorkinok, gazteleraz hitz egiten baitugu eta gauza asko ikasi, hitz egiten hobetzeko helburuarekin.


Beraz, zein izango zen zure balorazio orokorra, zer nolako lana egiten dute taldetik?


Lan oso ona egiten dute guretzat, etorkinontzat, nire ustez.


Entradas recientes

Ver todo

Comentarios


Home: Blog2

©2018 by emekinews. Proudly created with Wix.com

  • twitter
  • youtube
  • instagram
bottom of page