top of page

EMEKINEWS

ZIBERKAZETARITZA ETA SARE SOZIALAK: TWITTER

  • 21 oct 2018
  • 5 Min. de lectura

Actualizado: 6 nov 2018

Analisia

Egileak: Ane Alvarez, Iratxe Elorza, Uxue Sagarminaga eta Munia El Marhoum


Argazkia: activasolutions

1.SARRERA

Gaur egungo kazetaritzak formatu desberdin asko ditu. Kazetaritza historian zehar egon diren komunikabide euskarri desberdinetara moldatu behar izan da, irakurleen nahiak oinarri bezala edukiz. Internet sortu zenetik, hedabideek informazioa eskaintzeko hainbat modu erabili dituzte: hasieran ziber hedabideek prentsa idatzia hartu zuten eredutzat hori zela egokiena pentsatuz. Denbora aurrera joan ahala, ziber hedabideek dituzten aukerak ikusi ziren eta kazetaritza mota hau garatuz joan zen. Azkenean sistema berri bat sortu zen, hedabide tradizional guztiak batzen dituen sistema.

Gaur egun, interneten aurkitzen ditugun hedabideek euskarri desberdinak eskaintzen dizkigute: testua (edo hipertestua), audioa, irudia eta bideoa. Horretaz gain, ziberkazetaritzak irakurlea partaide aktibo izateko aukera ematen du. Azken ahalmen komunikatibo hau irakurleentzat oso erakargarria da eta honi esker ziberkazetaritzak duen eragina pisu handikoa bihurtu da. Sare sozialetan aurkitzen da jende arteko elkar eragin handiena. Hedabideak ere sare sozialetara gehitu dira irakurleekin harreman zuzena sortu ahal izateko. Sare sozial guztietatik esan dezakegu Twitter dela hedabideen artean erabiliena .


2. HELBURUA

Gure helburua analisi honekin, beraz, komunikabideek egiten duten Twitterraren erabilera aztertzea da, deskribapen bat eginez, eta erabilera azalduz. Eman diren aldaketak azaleratzen saiatuko gara, eta aldaketa horiek izan duten eragina azaltzen, gaur egungo komunikabideen egoeran. Analisia bukatzeko, ondorioak aterako ditugu, hausnarketa bat proposatuz.


3. ANALISIA

Twitter bi noranzkoko komunikazioa izateko aukera ematen digun doako plataforma da. Honen bitartez, plataforman profil ireki bat daukan edozein pertsonarekin informazioa (testua, irudia, bideoa) partekatu dezakegu modu azkar eta erraz batean. Bidaltzen diren mezu labur horiei tweet deitzen zaie. Gaur egun, 17 miloi tweet bidaltzen dira minuturo (iturria). Beraz, Twitter, gaur egungo komunikazio euskarri nagusietako bat dela esan dezakegu.


Twitterren erabileran bereziki aipatu beharrekoa da sare sozial hau erabiltzeko erraztasuna. Oso erraza da norbaitek bere iritzia eman nahi duenean kontu bat sortu eta bertan idaztea. Interesekoak diren kontuak jarraitu daitezke, haien artean komunikabideak, eta beti informatuta egongo zara. Erraztasun hori da komunikabideek erabiltzen dutena hain zuzen ere, izan ere, modu honetan, publiko zabal batengana heldu daitezke, modu merke eta errazean. Hedabideetan argitaratzen dena Twitterren konpartitu eta bertan dagoen jendea euren webgunera erakartzen dute, esteka baten bidez. Esan genezake, modu batean intuitiboa dela oso, erabilera erraza duelako.


Artikulu batean Blanca Salvatierrak (Público egunkari digitaleko kazetaria) eta Bárbara Yustek (Red Innovako komunikazio zuzendaria) esan moduan, Twitter plataforman pil-pilean dagoen gai bat zuzenean detektatu egiten da eta hedabideak horren inguruan ikertzen hasten dira. Minutu batzuk geroago, beste euskarrietatik edo teletipoetatik lortzen duten informazioarekin batu eta lehen orrialdean argitaratzen dute. Beraz, Twitter kazetarientzat tresna oso lagungarria da euren lana osatzeko. Izan ere, Yustek dionez, Twitter informazio iturri, harremantzeko espazio eta pil-pilean dauden gaiak eta berrien lekukoak detektatzeko tresna gisa funtzionatzen du. Era berean, azken aldian, berezko kazetaritza egiteko joera dago; hau da, sare sozial honen bidez gertaeren berri emateko eta honen inguruan iritzia emateko joera dago. Kasu batzuetan, hedabidetik at nork bere burua ezagutzera emateko helburuarekin erabiltzen da baita ere.


Hedabide batzuek, horrelako egoeretan, kontrol jakin bat ezartzera behartuta ikusten dute euren burua. Artikulu berberean, Rafa Aguilerak (Radio Euskadiko kazetaria) dio oso konplexua eta polemikoa dela kontrol hori; alegia, eztabaidagarria da zilegizkoa den edo ez hedabide batek bere langile guztien kontu pertsonalak kontrolatzea.


Bestalde, Twitterren beste ezaugarrietako eta abantailetako bat informazioa zabaltzeko azkartasuna da, albiste bat gertatu eta berehala zabaltzeko gaitasuna ematen baitu plataforma honek. Edonola ere, azkartasun hori dela eta, informazioa egiaztatzea zaila izaten da, askotan informazio faltsua edo kontrastatu gabea zabaltzen baita ahalik eta azkarren argitaratzeko asmoarekin. Gertaerak lehen zabaltzen dituenak lortzen du arrakasta, alegia, eta horregatik konpetentzia handia dago. Ondorioz, hainbat kasu eman izan dira non albiste osoak argitaratu diren informazio faltsua hedatuz.


Globala ere bada, birala eta soziala, hau da, bertan kazetariak lekukoekin harremanetan jarri daitezke, lehen eskuko informazioa lortu, eta haien irakurleengana lehenago heldu. Gainera, modu efikazean eginda, argitaratzen den informazioa birala egin daiteke.


Hortaz gain, hipertestuala da, komunikabideek igorritako tweetak ez dira testu motzak bakarrik, baizik eta beti daude lotura, argazki eta modu askotariko multimediaz beteta, beraz, oso erakargarria egiten da hau kontsumitzaileentzako.


Azkenik, multiplataforma dela ere esan dezakegu, internetera konektatzeko aukera izanik edozein aparatu elektronikotik erabili baitaiteke. Horrela, bai kazetariak, bai irakurleak eskura dauka plataforma nonahi eta nahi duenean. Honek, aurretik aipatutako ezaugarriekin zerikusia du, izan ere, azkarra eta erraza bihurtzen du tresna hau, komunikabideentzako erreferentziazko plataforma bat bihurtuz.


4. ONDORIOAK

Beraz, argi dago Twitter sare sozialak alde on eta txarrak dituela. Alde batetik, hedabideek euren lana modu erraz eta osoan zabaltzeko tresna egokia da. Tweet bat argitaratzean, euren jarraitzaileek hau retweeteatu dezakete eta modu honetan are gehiago hedatzen da. Arestian aipatu bezala, bi noranzkoko komunikazioa ahalbidetzen du eta irakurleek euren iritzia emateko aukera dute eztabaida interesgarriak sortuz. Herritarren intereseko gaiak antzemateko aukera ematen du plataforma honek baita ere. Trending topic atalean erabiltzaileen artean gehien errepikatzen diren gaiak azaltzen dira eta hemendik abiatuta hedabideek eduki hori ikertu dezakete ondoren euren plataformetan sakondu eta lantzeko.


Azkartasuna, berriz, abantaila edo desabantailatzat hartu dezakegu. Batetik, gaur egun, munduan gertatzen den guztia momentuan jakin nahi dugu eta nahia hori asetzeko Twitter primerakoa da, albisteak erraz eta bizkor hedatzeko gaitasuna baitu. Bestetik, irakurleen gura hori asetzeko konpetentzia izugarria sortu da. Komunikabide guztiek lehenengoak nahi dute izan eta batzuetan, lehenengoak edo hoberenak izateko desira horrek kazetaritzaren benetako xedea zapaltzen du; hau da, informazio erreal eta kalitatezko bat partekatzea.


5.HAUSNARKETA

Twitter plataformaren ezaugarriak analizatu eta ondorioak atera eta gero, gure hausnarketa hemen doa. Gure ustez, komunikabideak egungo jendartera moldatu behar dira, gainontzeko sektoreen modura. Bereziki arlo honetan aurrerapen handiak egin dira azken urteotan eta oso garrantzitsua bihurtu da sare sozialen parte hartzea, eta Twitterrena haien artean.


Beharrezkoa ikusten dugu Twitterren erabilera gaur egungo komunikabideetan, izan ere, tresna oso erabilgarria da, edukiak modu azkarrean eta motzean argitaratu eta jendea erakartzeko. Multimedia eta loturak erabiliz hartzaileei aukera desberdinak emateak komunikabideen zerbitzuak hobetzen ditu, eskaintza zabalago eta hobe bat emanez. Kazetarientzako tresna egokia iruditzen zaigu.


Hala ere, azkartasunaren ezaugarriak alde txarrak dituela ere aipatu dugu, eta gure ikuspuntua honen inguruan zera da: lehenak izateak ez du zilegi egiten informazio faltsua edo kontrastatu gabea ematea. Kazetarion betebeharra da idazten eta argitaratzen den guztia egia dela bermatzea. Bertsio bakar batekin ez da nahikoa, edozein informazio iturri ez da fidagarria, eta beraz, azkartasun hori betiere etikaren barnean sartu behar da. Lehenago esan bezala, kazetaritzaren benetako xedea informazio erreal eta kalitatezko bat partekatzea den heinean, edozerk ez du balio.


Beraz, Twitter erabiltzearen alde gaude, baina erabilera ona egitea ezinbestekoa da, nahi ditugun emaitzak lortzeko: informazioa argi helaraztea, ongi osatua, kontrastatua eta jendeari helduko zaiona, kazetaritzaren benetako sena galdu gabe.



Galderak:

1. Zein dira Twitter erabiltzearen bi abantaila?

Twitterren abantailetako bi sare sozial hau erabiltzeko erraztasuna eta hipertestuala dela dira. Oso erraza da kontu bat sortu, bertan idatzi eta interesekoak diren kontuak jarraitzea, haien artean komunikabideak, beti informatuta egoteko. Komunikabideek igorritako tweetak beti daude lotura, argazki eta modu askotariko multimediaz beteta, oso erakargarria egiten delako kontsumitzaileentzako.

2. Zein da desabantaila nagusia?

Twitterrek informazioa zabaltzeko eskaintzen duen azkartasuna da desabantaila nagusia. Azkartasun hori dela eta, informazioa egiaztatzea zaila izaten da, askotan informazio faltsua edo kontrastatu gabea zabaltzen baita, ahalik eta azkarren argitaratzeko asmoarekin.

3. Twitter erabiltzea beharrezkoa da gaur egungo komunikabideentzat? Zergatik?

Gure ustez, komunikabideak egungo jendartera moldatu behar dira, gainontzeko sektoreen modura. Bereziki arlo honetan aurrerapen handiak egin dira azken urteotan eta oso garrantzitsua bihurtu da sare sozialen parte hartzea, eta Twitterrena haien artean.

Beharrezkoa ikusten dugu Twitterren erabilera gaur egungo komunikabideetan, izan ere, tresna oso erabilgarria da, edukiak modu azkarrean eta motzean argitaratu eta jendea erakartzeko. Multimedia eta loturak erabiliz hartzaileei aukera desberdinak emateak komunikabideen zerbitzuak hobetzen ditu, eskaintza zabalago eta hobe bat emanez. Kazetarientzako tresna egokia iruditzen zaigu.

4. Zein lehentasun izan behar ditu, zure ustez, kazetariak twitter erabiltzeko momentuan?

Kazetaritzaren benetako xedea informazio erreal eta kalitatezko bat partekatzea den heinean, edozerk ez du balio.


Comentarios


Home: Blog2

©2018 by emekinews. Proudly created with Wix.com

  • twitter
  • youtube
  • instagram
bottom of page