'Por amor al arte'
- emekinews
- 4 dic 2018
- 2 Min. de lectura
Actualizado: 10 dic 2018
Ekain Arte Lanak galeria bisitatu eta gero, gauza bat geratu zitzaidan buruan, Ritak esandako esaldi bat: “Gazteleraz esaten den bezala ‘por amor al arte’ jarraitzen dut nik hemen, dirurari bakarrik begiratuko banio aspaldi itxita izango nuke galeria”.
Hala ere, lehenago arte galeriak negozio bat direla ere esan zuen. Beraz, zein da balantza? Arte galeria bat zer da, dirua egiteko erreminta bat soilik, ala artearekiko dugun maitasuna azaleratzeko modu bat?

Egia esan, nire ustetan bietatik pixka bat badu. Historian zehar artea beti egon da boteretsuenen eskuetan, dirudunak bakarrik izan dira gai kolekzioak sortzeko eta honekin are aberatsago egiteko. Elitearentzako izan da artea, funtsean. Adibide argi bat etortzen zait burura oraintxe momentuan: Thyssendarren kasua, likideziarik ez baina artelanen bitartez sekulako balioa dute haien eskuetan.
Baina artea ez da hori, artea espresio mota bat da, ederra haren bitartez transmititu daitekeena. Artea subjektiboa den heinean, artelan baten prezioak ez du inoiz pertsona bakoitzarentzako duen balioa ordezkatuko, gutariko bakoitzari efektu ezberdina sortuko baitio gorputzean, burumuinean. Sentsazioak, emozioak, sentimenduak dira transmititzen direnak, tasa ezinak, hauen balioa neurrezina da. Eta neurtu ezin den hori, ezinezkoa da inoiz diru kopuru zehatz batekin ordezkatzea, inoiz ez delako zehatza izango, argi izan hori.
Orduan, nolatan prezio altu horiek? Galdera bakarrera murrizten da kontua: zenbat diru dago norbait prest ordaintzeko artelan batengatik. Eta horretan sartzen dira arte galeriak. Tradizionalki ere dirudunentzako izan diren espazio horiek baina gu, ikasle xumeok, orain, esku zabalik hartu gaituztenak.
Aldatu egin da arte galerien estiloa, eta jada ez da gutxi batzuentzako. Hori gainera, eboluzionatzen joango da. Ekain arte galerian denontzako dago espazioa, 30€tik hasita erosi daiteke artea. Artearengatik ordaindu egin behar da, azkenean artistak eta galeristak bizi ere egin behar direlako, baina ez dira prezio abusiboak ezartzen, eta hortan dago gakoa.
Ritak esan zigun bezala, galeriarekin ez da aberats egingo, baina ‘por amor al arte’, artearekiko duen sentimendu horrengatik, jarraitzen du aurrera, Donostian artea sustatzen.
Opmerkingen