top of page

EMEKINEWS

Aestus morus

  • 9 oct 2018
  • 2 Min. de lectura

Actualizado: 10 dic 2018

Munia EL MARHOUM

Bizirik egon eta bizitza bizi dezagun da beharrezkoa feminismoa. Emakumekok martxan gaude eta ez gaituzte geldituko.


M8 Bilbon

Kavanaughren onarpena da emakumeon aurka hautatu den azken erabakia. Sexu erasoa leporatu diote hiru emakumek eta hala ere Estatu Batuetako auzitegi nazionalerako bozketan aurrera egin du gizonak. Harrituta nagoela ezin dut esan, jada ezerk ez nau harritzen eta. Inoiz baino konbentzituago nago: feminismoa beharrezkoa da, eta borrokak jarraitu behar du.


Nire hemezortzi urteotan pentsaera desberdinak izan ditut. Txikitan nire kolore gustukoena arrosa zen. Ondoren lagunek kursiegia zela eta horia. Gimnasia erritmikora apuntatu nintzen, denok ginen neskak mutil bat izan ezik. Nire anaiak futbola egin du bere bizitza osoan. Kirol desberdinak probatu nituen handitzean, baina adin batera helduta denak utzi nituen, euskal dantzak egiten jarraitu dut bakarrik. Nik neuk eskatu nituen belarritakoak, haiek gabe ez nintzela horren neska uste bainuen. Soinekoak jantzi nituen, leotardoak biziki gorroto banituen ere.


Duela urte batzuk jada hasi nintzen konturatzen emakumeok jasan behar ditugun injustiziak zeintzuk diren, zeinen desberdintasun pila dagoen, zer nolako diskriminazioa eta gutxiestea. Nola lehenago hartutako erabaki guztiak besteek espero zutenarekin zerikusia zuten. Gainontzeko onarpena nahi nuen, bai ala bai. “Mikro matxismoak” diren horiek jasan ditut bizitza osoan, edozein emakumek jasan izan dituen bezala, (mikro deitzen diete baina makro izan daitezke, izan ere beldurra ematen du ekintza batzuk gure begien aurrean gertatu eta identifikatzeko gai ez garela ikusteak).


Hala ere matxismoaren ordezkari latzena hilketa matxistak dira, ia egunero agertzen direnak albisteetan, sexu erasoak, salaketak eta sexuen arteko ezberdintasuna adierazten duten notizia asko. Orain dela aste bete 5 emakume eta neskatila hil zituzten 48 ordu baino gutxiagoan. Denak erailketa matxistak. Emakumeen aurkako erasoak. Emakume izate hutsagatik. Gizona salatu baina hala ere ez gaituzte sinesten, babesik gabe uzten gaituzte, eta horrela hil arte. Ematen du emakume bat gezurretan dabilela harik eta hilda bukatzen duen arte.


Arlo guztietan jasan behar dugu injustizia hau, txikitatik, jaiotzetik, emakume eta gizonok etiketa bat dugu, eta horixe jarraitu behar dugu. Emakumeok betidanik gutxiesten gaituzte, eta halaxe ohituta gaudenez ez gara ohartu ere egiten. Edonolako erasoak eta bortxaketak jasaten ditugu, eta salatzera ausartzen bagara gure hitza jartzen da beti dudatan, gu gara gezurtiak, manipulatzaileak.


Beraz zein da arazoa? Sistema bat sortu dutela: patriarkatua. Eta gizarte patriarkalak gobernu sistema patriarkala sostengatzen du, eta honek, sistema judizial patriarkala. Ondorioz, dena da patriarkala eta arlo guztietan emakumea da gutxiago. Horregatik da horren beharrezkoa feminismoa.


Emakumeon askapena gerta dadin. Lan baldintza eta soldata berdinak izan ditzagun, kaletik goazenean seguru senti gaitezen. Nahi bezala jantzi, nahi bezala hitz egin, nahi bezala dantzatu, nahi bezala bizi gaitezen. Aukera berdinak izateko. Sexuaz gozatzeko. Subjektu bezala trata gaitzaten. Bortxatu eta isilarazi ez gaitzaten. Hil ez gaitzaten. Bizirik egon eta bizitza bizi dezagun da beharrezkoa feminismoa. Eta horrexegatik jarraitu behar dugu borrokan.


Emakumekok martxan gaude eta ez gaituzte geldituko.

Gora borroka feminista.

Entradas recientes

Ver todo

Comentarios


Home: Blog2

©2018 by emekinews. Proudly created with Wix.com

  • twitter
  • youtube
  • instagram
bottom of page