“Idaztea kanpo errealitate eta zure barneko errealitateen arteko topaldiari jarraitasuna ematea da"
- 15 dic 2018
- 3 Min. de lectura
Actualizado: 17 dic 2018
Lan bilduma zabala atzean darama Miren Agur Meabek, eta bere tokitxoa du jada aspaldi euskal literatura munduan
Munia EL MARHOUM

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962ko urriaren 7a) euskal idazle famatua da. Irakasle eta Euskal Filologiako ikasketak egin zituen eta hainbat urtez irakasle ibili ondoren, Giltza-Edebé argitaletxean ere aritu zen. Egun, literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntza munduan dabil buru-belarri.
Noiz eta nola hasi zinen idazten?
Txikitatik idatzi dut. 9-10 urterekin gogoratzen dut nire burua jada idazten, aitonak egindako apalategi eta mahai batean, lagunak frontoian edo bizikletan zeuden bitartean. Nire irudimenaren gozo-leku bat izan da niretzat eta betidanik sentitu izan naiz gustura idazten.
Hasieratik izan zenuen argi lanak argitaratu nahi zenuela?
Ez, gazte-gaztetatik hasi nintzenez, idaztearen helburua gozatzea izaten zen, inondik inora ere ez nuen pentsatzen argitaratzeaz. Gainera, ez genuen eredurik horretarako ere, ez genuen ezagutzen emakumerik horretara dedikatzen zenik. Nire buruari gustua emateko idazten nuen, eta konturatu nintzen hori egin ahala nire burua hobe ezagutzen nuela, nire ideiak ordenatzeko balio zidala.
“Ez dut izan benetan ‘idazle naiz’ kontzientziarik besteek nigan idazle bat ikusi ez duten arte”
Txikitatik izan duzu argi idazlea izan nahi zenuela?
Garai hartan nik buruan nituen lanbideak lotuago zeuden irakaskuntzarekin, frantseseko irakasle adibidez. Euskarazko irakasle izatea ere ez nuen buruan, izan ere gure garaian ez zegoen euskal irakaskuntza arauturik. Idatzi bai egingo nuela beti, baina ez nuen espero idaztea nire bizitzaren ardatz bihurtuko zenik.
Zein momentutan pentsatu zenuen “Idazlea naiz”?
Ez dut izan benetan “idazle naiz” kontzientziarik besteek nigan idazle bat ikusi ez duten arte. Uste dut oso magnifikatuta izan dudala idazle izatea zer zen, asko kostatu zitzaidan plaza publikora agertzea, eta orduan, benetan idazle izatearen sentipena, neuk izan arren, kanpotik etorri behar izan zait kontziente izateko, editore, irakurle, kritikaren bitartez.
Literatura mundua nahiko zaila da tokia egiten. Zerk lagundu dizu aurrera egiten?
19 urte nituela aurkeztu nintzen ipuin sariketa batera. Hantxe irabazi nuen saria eta horrek halako arnas moduko bat eman zidan. Handik aurrera aritu nintzen nire lanak sariketetara aurkezten. Normalean Idatzi eta Mintza aldizkarian argitaratzen ziren, eta hori bai izan zen hasiera batean bultzada. Geroago, “Azalaren kodea” poema liburua saritua izan zenez, horrek idazle kontzientzia hartzen lagundu zidan.
“Hasieran ez nuen pentsatzen argitaratzeaz, gainera ez genuen eredurik, ez genuen ezagutzen emakumerik horretara dedikatzen zenik”
Zerk inspiratzen zaitu idazterako orduan?
Edozerk ahal zaitu inspiratu, baina ez da gauza miragarria. Kanpoko errealitatearen artean eta zure barnekoaren artean topaldi, txinparta moduko bat gertatu behar da, eta hori egiteko modu bakarra eseri eta bilatzen hasita da. Niretzat idaztea horixe bera da, txinparta horri jarraitasuna ematea.
Zer nahi duzu transmititu zure lanekin, zure idazteko moduarekin?
Hiru irizpide izan ditut idazterakoan orain arte. Lehenengoa gardentasuna, esaten dudana modu ulerterrazean adieraztea. Bigarrena dotorezia, euskara maila jantzia, aberatsa, ñabardurekin izan dadila, idazlearen lehengaia hizkuntza baita. Hirugarrena benetakotasuna da. Batzuetan fikziora joko dut, baina betiere benetako zerbait izanik, irakurleak bere sentituko duen zerbait idatziz.
Nola aldatu da euskara eta emakumearen egoera literaturan?
Aldaketa izugarria eman da azken urteetan. Lehen galdetuz gero zenbat emakume idazle ezagutzen dituzun izen gutxi aterako ziren. Orain, gizonezkoekin konparatuta gutxiago gara, baina zentroan daude emakumeak, oso idazle interesgarriak, estilo desberdinetan idazten dutenak. Kalitate aldetik, bolumen aldetik, aurrera egin da nabarmen euskal literaturan, baina hala ere, panorama ez da txalotzeko modukoa.
Zer esango zenioke orain zure gaztetako buruari?
Utzi dena, ez entretenitu bestelako gauzekin eta segi idazten. Sinistu gehiago zure buruarengan. Irakurri, pentsatu eta idatzi. Hiru jarduerok egin zure erlijio. Eta jarraitu beti aurrera, ez galdu federik etorkizunean. Jarraitu zure senari, eta batez ere, lan egin.



Comentarios