« Ikasleen ekimenak zabaltzeko beharra ikusten zuten ikasleek »
- 17 dic 2018
- 2 Min. de lectura
Leioatik! proiektu komunikatiboaren parte da Enea, orain dela 5 urte Leioako kanpusean ikasleek sortu zutena ikasleentzat zuzendua
Ane Alvarez

Enea Pagola • Ikaslea
Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritza graduko bigarren urtea ari da ikasten Enea Pagola (Arbeiza, 1999), Leioako kanpusean. Hainbat herri mugimendutan hartu du parte eta unibertsitate urteek eskaintzen dituzten aukerez baliatuz fakultateko proiektu komunikatibo batean esku hartzen hasi da. Proiektu hau Leioatik! du izena eta Twitterren dagoeneko 1781 jarraitzaile dauzkate.
Zer da Leioatik!?
Leioatik! ikasleek sortu zuten proiektu komunikatibo bat da kanpusean egiten eta gertatzen ziren gauzak fakultateen artean komunikatzeko. Izan ere, kanpuseko gauzak plazaratu eta ikasleen ekimenak zabaltzeko beharra ikusten zuten ikasleek. Gainera, hauek kanpusetik kanpo ikustarazteko helburuarekin ere sortu zen.
Zein da bere helburua?
Esan bezala, bere helburua ikasleen artean egiten diren ekintzak sustatzea eta ekintza horietaz jabetzea da. Ikasleek sortu duten hedabide moduko bat da bai Leioako kanpuseko fakultateen artean, bai EHUko beste kanpusen artean informazioa zabaltzeko.
Badago horrelako beste hedabiderik kanpusean?
Nik esango nuke ezetz. Hau da, ikasleetatik sortua eta ikasleengana egindakoa, ez.
Noiztik dago ekimen hau martxan?
Leioatik! gutxi gora behera duela sei urte jarri zen martxan.
Zenbat pertsonak osatzen dute lan taldea?
Talde zabala eta irekia denez, gainera, pertsona batzuk noizbehinka laguntzen dutenez (beste batzuk egunerokotasunean), ez da oso finkoa kopurua. Hala ere, gutxi gora behera 10 bat gara.
Nola antolatzen zarete lana aurrera eramateko?
Talde irekia denez eta parte hartzean oinarritzen denez, edozeinek har dezake esku. Orduan, eragile ezberdinek bidaltzen dizkiguten ekimenen berri ematen dugu. Ondoren, lanen banaketa egiten dugu eta horiek egiteko prest dagoenari uzten diogu beharra egiten.

«Leioatik!-en helburua ikasleen artean egiten diren ekintzak sustatzea eta ekintza horietaz jabetzea da»
Nongo albisteak jasotzen dituzue?
Bereziki Leioako kanpusera zuzendua dagoenez, bertan dauden fakultate, ikasle talde edo eragileen berriak jasotzen ditugu. Esate baterako, Ikasle Abertzaleak, Madamak, GKZ Asanblada …
Zergatik aukeratu zenuten Twitter sare soziala?
Ikusi zelako momentuan nahiko indartsu dagoen sare sozial bat dela. Gainera, nahiko dinamikoa eta erraza da informazio azkarra eta anitza zabaltzeko ikasleei.
Norbaitek proiektuan parte hartu nahi badu nola egin dezake?
Talde irekia denez eta kanpuseko ikasleak garenez, gurekin kontaktuan jarri dezake edonork sare sozialen bitartez. Bestalde, ikasleak izanik korridoreetatik edo kanpusetik ere gurekin hitz eginez.



Comentarios