top of page

Juan Manuel eta Begoña Lumbrerasekin hizketan

  • emekinews
  • 29 nov 2018
  • 3 Min. de lectura

Actualizado: 5 dic 2018

1995.urtean hasi zen Juan Manuel Lumbreras arte galeriaren proiektua eta gaur egunera arte euskal artista ospetsu zein egile berrien obrak erakutsi dituzte galeria honetan. Gaur egun, Juan Manuel Lubrerasek berak eta bere alaba den Begoña Lumbrerasek kudeatzen dute aretoa. Haiekin hizketan aritu gara, eta beraien proiektua azaltzeaz gain, arte galerin egoeraz ere haien ikuspuntua eman digute.


Bilboko Henao Kaleko 3. zenbakian dago kokatuta Lumbreras arte galeria

Noiz eta nola hasi zenuten arte galeria?


Juan Manuel Lumbreras (JML): Galeria sortu genuen 1995.urtean. Hasieran, lokal bila ibili bitartean, aurretik itxi zuen galería batean egon ginen, hemen Bilbon, Torres Galerian. Normalean proiektua espaziora moldatu behar da, baina gure kasuan, proiektua zein zen argi geneukan, eta horrentzako aproposa zen tokiaren bila ibili ginen, Henao kaleko lokal hau aurkitu genuen arte.


Zertan zetzan zuen proiektuak?


JML: Alde batetik, helburuetako bat jada ezagunak diren artistak erakustea zen, estatu mailakoak eta batez ere Euskal Herrikoak, hurbiltasunarengatik gehienbat. Bestalde, areto bat geneukan paper eta formatu txikian egindako maisulanentzako (akuarelak, grabatuak, marrazkiak…), eta beste bat eskulturari eta beste motatako papereko obrei bideratuta. Hortaz gain, gazteei bideratutako ekimen bat ere bageneukan, “Joven llama a Joven”. Hala ere, 2008tik aurrera, krisiaren ondorioz, erakusketa kopurua murriztu egin zen, orain urtean 7 egiten dira. Gehienbat pintura erakusten dugu, garrantzia handia ematen diogu paperaren gaineko obrei. Gutxinaka argazkilaritza ere sartzen joan gara, eta aurten 7 erakusketetatik 2 honen inguruan ditugu.


Zertan datza “Joven llama a Joven” proiektuak?

Begoña Lumbreras galerista, Gabriel Coca, Amalia Julieta Gómez, Karlos Pellitero eta Nagore Amenabarro artistekin, 'Joven llama a Joven' ekimenaren bigarren edizioa. Irudia: Juan Boado Fotografía (galerialumbreras.com)

Begoña Lumbreras (BL): Orain dela 3 urte berrartu nuen proiektua, eta helburu bikoitza genuen honekin. Alde batetik, lehenengo aukerarik ez duten artista berriei laguntza ematea, haien obrak erakutsi ahal izateko. Babesleak ere baditugu, obrak erosten dizkietenak, mota askotariko laguntzak… Mezenas bezala aritzen gara, izan ere, haiek ez dute ezer ordaindu behar, eta lortutako salmenta guztien kopurua eurentzako da. Bestetik, galeriaren publikoa gaztetzeko saiakera ere izan da, horregatik deitu genion horrela (Joven llama a Joven), jende gaztea galeriara etortzea nahi genuen, haiek eroso sentituko ziren eremu bat sortzea eta interesa piztea egiten dugun lanean. Urtero 4 artista aukeratzen ditugu eta hilabete izaten ditugu haien obrak erakusketan.


Nola aukeratzen dituzue zuen galerian erakutsiko dituzuen artistak?


Carlos Marcote

JML: Askotan artistak gurekin kontaktuan jartzen dira, gehienetan internet bidez bidaltzen digute haien portfolioa, baina oraindik badira batzuk galeriara etortzen direnak. Denak begiratzen ditugu, artea maite dugulako, baina jada autore askorekin harremana eginda dugunez, ez dugu toki nahikoa artista berri asko ekartzeko. Beste batzuetan, oso gustoko dugun eta gure proiektutik asko urruntzen ez den artistaren bat benetan ekarri nahi badugu, gu geu goaz haiengana. Dena dela, beti hartuko ditugu guregana datozen artistak tratu onarekin.


Erakusketaren bat bereziki gogoko izan duzuena?


JML: Galeriaren istorian asko izan ditugu, nahiko garrantzitsuak. 2000.urtean, adibidez, Roberto Matta ekarri genuen, pintore surrealista oso ezaguna, handik pare bat urtera hil egin zena. Eskultura eta papereko aretoan Txillida askotan izan dugu, Parisko eta Madrilgo eskolak… Hauetaz gain, aldarrikapenezko erakusketak ere egin ditugu, adibidez, Teresa Peñaren obrak, bere garaian emakume artista garrantzitsuena izan zena, Espainia mailan. Bere bizitzako azken urteetan desagertu egin zen eta askorentzat ezezaguna da, baina gure ustez bere lana aldarrikatu behar da.


Teresa Peña. Irudiak: www.museotp.com

Zer aldatu da zuek hasi zinetenetik gaur egun arte?


Carlos Marcote

JML: Irudiarekin dagoen komunikazioa guztiz desberdina da orain. Lehen disfrutatu egiten zen, obra bat ikusi eta harek zerbait kontatzen zizun. Orain, aldiz, irudiak irentsi egiten ditugu, eta horretarako interneta oso garrantzitsua da. Begoña da horretaz arduratzen dena.


BL: Bai, alde batetik abantaila da, izan ere orain jende askorengana iritsi zaitezke modu errazean. Baina bestetik, jendeari gehiago kosta egiten zaio galeriara bertara etortzea. Lehen nahi eta nahi ez galeria edo museoetara joan behar zen artea ikustera, baina orain Berlingo edo Londresgo galeria batean dauden mugimenduak ezagutu ditzakezu etxetik, edo artista konkretu baten lana jarraitu. Horregatik guretzat garrantzitsua da bide horretatik jendearengana iristea, sare sozialak eta webgunea ondo kudeatzea. Guk mailing zerbitzua ere egiten dugu, baita katalogo digitalak ere.


Nola ikusten duzue etorkizuna?


BL: Konplikatua.


JML: Badago esaera txinatar bat diona: “Etorkizunari buruz dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer”. Baina tendentzia da galeriak ixten joango direla, eta interneten bidezko kolekzionismora joango garela gehiago.


Fondo de galeria

BL: Ezin dugu jakin zer datorkigun, baina egia da merkatua aldatu dela, artea kontsumitzeko modua guztiz desberdina dela, interesak ere aldatu direla… baina norantz? Baliteke galeriak birsortu behar izatea, formatua birplanteatzea eta egoera berrietara moldatzea… egia esan ez dakit.


JML: Bestalde, nik faltan botatzen dut laguntza ekonomikoa instituzioen aldetik. Azkenean, Bilbon gauden galeria guztiok gurea dugu lokala, alokairua ordaindu beharko bagenu ezingo genuke hemen jarraitu. Baina gurea negozio familiarra da, eta aurrera jarraitzen dugu, eta ateak zabalik ditugu etorri nahi duen edonorentzat.

Entradas recientes

Ver todo

Comments


bottom of page