Pello Gutierrezen “Zain” filmak lortu du pelikula onenaren saria 41. Euskal Zinema Bileran
- 16 oct 2018
- 2 Min. de lectura
Actualizado: 24 nov 2018
“Shell Phone”, “Fabrikak” eta “Pastoreak” filmek ere sariak lortu dituzte, Lekeition ospatzen den zinema jaialdian
2018/10/16 Munia EL MARHOUM

41. Euskal Zinema Bileraren amaiera ekitaldia eta sari banaketa izan ziren pasaden ostiralean Lekeitioko Ikusgarri Zineman. Bertan, lehiaketan parte hartutako 20 filmen artean lau sari banatu ziren, eta topaketak astean zehar emandakoari ere errepasoa egin zioten Loli Astoreka eta Aitor Abaroak, ekitaldiko aurkezleek.
Aurten, berritasun modura, amateur eta profesional kategoriak desagertu eta euskal ikus entzunezko sorkuntza “bere osotasunean” saritu zuten. Film onenaren saria Pello Gutierrezen “Zain” filmak eraman zuen. “Umorez irudikatzen duelako gure euskal nortasunaren topikoa, eta prisma surrealista baten bidez eraldaketa proposatzen duelako, aho batez erabakia”, adierazi zuen epaimahaiak.
Honekin batera, Miren Mujikaren “Shell phone” filmak zuzendaritza onenaren saria lortu zuen, Igor Rezolaren “Fabrika(k)” gidoi onenaren saria eskuratu zuen, eta publikoaren saria, aldiz, “Pastoreak” filmak, Eukeni Arriortuak zuzendua.
“Euskal Zine Bilera eskertu nahi dugu, eta zoriondu, ikusi dugun aniztasuna pozgarria baita”, zioen Eider Egurenek, epaimahaiko kide denak, Maider Oleaga, Mikel Zumeta eta Itziar Ituñorekin batera. Izan ere, 41 urtetan barrena, sortzaile berriek zaharrek utzitakoa berrartuz, topaketa honek bultzada handia eman dio euskal ikus entzunezkoen ekoizpenari.
Kimuak-ek ere saria jaso zuen, izan ere, Loli Astorekak esan zuenez, “haziak behar ditugu ondorioak zinema forman ikusteko”. Aitor Abaroak azaldu zuen bezala, euskal ikus entzunezkoen uzta jaso eta kimuak munduan zehar zabaltzen ditu ekimen honek, eta beraz, euskal zinema eta kultura mundura zabaltzeko lana burutzen du.
Emozioz betetako astea
Larunbatean, urriak 6, hasi zen zinema jaialdia, irekiera ekitaldiarekin batera. Telmo Esnalen “Dantza” filmeak ireki zuen euskal ikus entzunezkoen astea, 20 filmen proiekzioari eta beste hainbat jarduerei hasiera emanez.
Igandean bertan Kameratoiak, euskal ikus entzunezkoen rallyak, zinegilez bete zituen Lekeitioko kaleak. 24 ordutan laburmetraiak sortzean datza lehiaketa honek, eta igandean bertan ikusi ahal izan ziren Ikusgarri aretoan sortutako lan guztiak, eta saritu ere bai. Lapatx taldeak irabazi zuen, hain zuzen ere, Kameratoia, “Ilunpean” izeneko lana aurkeztuz. Benito Ansolak, Euskal Zine Bileraren ohorezko zuzendariak, zera esan zuen laburmetraiari buruz: “lan hori sail ofizialean egon zitekeen ederki asko”.
Atzo 8 proiektua ere garatu zen Euskal Zine Bileraren baitan, ‘Super 8’ delakoak erabiltzen ikasteko ikastaroan zetzan. “Atzo8 proiektuak iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzen ditu, proiekzio bakoitzean beste ‘hemen eta orain’ desberdin bat eskainiz”, deritze topaketaren antolatzaileek.
Euskal Zine Bileraren 40+1 edizioa izan da, eta bere baitan hartzen dituen ekintza denak kontuan hartuta, “egin diren, egiten ari diren eta egingo diren filme eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgune” da “Euskal Herrian eta euskaraz” egiten den topaketa hau, zuzendariak idatzi bezala. Atzo, gaur eta bihar euskal ikus entzunezkoak babesteko garrantzia argi geratu da beraz aurtengo edizio honetan.





























Comentarios